HAMASEI PROPOSAMEN ARRISKATU ETA BERRITZAILE BBK OFF JAIALDIAREN BIGARREN EDIZIOAN

Iaz izandako arrakastaren ostean, BBK Salak apirilean proposamen arriskatu, apurtzaile eta berritzaileenak emateko igoko du oihala. Ohiko zirkuituetatik urrun dauden ekoizpen hauetarako hitzordua bi asteburutan kontzentratuko da BBK OFF FESTIVALen bigarren edizioan, Salak publiko eta kultura-joera berrietara hurbiltzeko egiten duen apustua sendotzen duen lehiaketa alternatiboan.

Jaialdiak iaz baino bi aldiz eskaera gehiago jaso ditu aurten, eta aurkeztutako 159 proposamenen artean epaimahai aditu batek aukeratutako 16 proposamen taularatuko ditu. Bederatzi herrialdek (Argentina, Zipre, Kolonbia, Errusia edo Kuba, besteak beste) eta 16 autonomia-erkidegok aurkeztu dituzte eskaerak BBK OFFren bigarren edizio honetan; arriskuz, ikerketaz, ausardiaz eta umorez beterik datorren edizioa da.

Lehen aldiz, jaialdiak bere ekintza-esparrua zabalduko du Espainiako estatura iristeko, eta, berrikuntza legez, nazioarteko hainbat pieza gonbidatu izango ditu programazio ofizialetik kanpo, Europako Perform Europe programari esker.

Billenium eta To those born later dira Performing Futures proiektuko bi piezak, BBK OFFen ikusi ahal izango direnak; proiektu hori aipaturiko programa europarrak hautatu du, International Theatre Days in Belgrade eta PLACCC Festival (Bilbao-Belgrado-Budapest) delakoekin batera.

Era berean, eta aurreko edizioan izandako harrera bikainaren ostean, jaialdiak doako bi jarduera irekiko ditu kultura- proiektuak garatu gura dituzten guztientzat: lehena, Paul Clarke eta Jessica Hoffman-en eskutik, Digital Transformation in Performance izango da, eta arte eszenikoei aplikatutako zenbait alderdi teknologikotan oinarritutako hitzaldia izango da. Bigarrena, Jemima Canok emango duen tailerra izango da, “Producción Cultural sXXI: como ser green y no morir en el intento (Kultura Ekoizpena XXI. mendean: zelan izan green ahaleginean hil barik) izenburupean, eta gure jardunbide eszenikoetan jasangarritasunari heltzeko modua azpimarratuko du.

Beste berrikuntzetako bat CHORNOBYLDORF ukraniar operaren emanaldia izango da pantaila handian, eta ekimen honek une honetan hainbeste sufritzen ari den ukrainar herriari BBK Gizarte Ekintzak laguntzeko duen borondatea gehitzen dio BBK OFFi. Opera ingelesezko azpitituluekin ikusi ahal izango da, eta jarduera solidario gisa aurkezten da; bertan batuko den dirua ekoizpen honetako artistentzat izango da oso-osorik.

Argibide gehiago: www.salabbk.bbk.eus