Hobeto bizitzeko zaintzen ikastea, ikasturte berriko ikasgairik garrantzitsuena
Aurten, BBK-k ikasgeletara itzultzea proposatzen die lan-aldia amaitu duten 55 urtetik gorako pertsonei, irakasgairik garrantzitsuena ikasteko: norberaren burua zaintzen ikastea, aurrean irekitzen den bizi-etapa luzeari bete-betean aurre egiteko. Horretarako, erakundeak AGEKIN SASOIKO programa jarri du abian. Prestakuntza berritzailea da, eta eguneroko bizitzarako ezaupideak eta trebetasunak ditu ardatz, eta autozainketa eta pertsonen arteko harremanak bultzatu gura ditu. Izen-emateak BBK ETA ZUwebgunean daude zabalik irailaren 30era arte.
Bizitzako etapa honetan, galdera ugari eta askotarikoak sor daitezke: Zelan babes dezaket neure burua Interneteko arriskuetatik? Zer jarraibide bete ditzaket osasunari eusteko? Nola egokitu dezaket nire etxea etapa berri honetara? Zelan komeni da neure finantza-gaiak antolatzea? Zer abantaila eskaintzen dizkit administrazioaren digitalizatzeak? Zer egin dezaket indarkeria-egoera baten aurrean? Nola planifikatu dezaket nire etorkizuna?
Galdera horiei eta beste askori erantzungo die AGEKIN SASOIKOk datorren urriaren 3an hasi eta 2022-2023 ikasturte osoan zehar, maiatzaren 31ra arte. Eskolak astean bitan emango dira, 10:00etatik 13:30era, eta aurrez aurre emango dira Bilboko BBK Sasoiko zentroan (Erronda kalea, z/g). Plazak mugatuak dira (30 lagun) eta izena emandako hurrenkeran esleituko dira. Matrikularen kostua 180 €-koa da, eta BBK-k laguntza-sistema bat ezarri du interesa duen bakar bat ere kanpoan gera ez dadin arrazoi ekonomikoengatik. Laster beste BBK zentro batzuetan errepikatzeko asmoarekin sortu da AGEKIN SASOIKO.
BBK Sasoikotik azaldu dutenez, “autozainketa bizitzan zehar gainditu barik geratzen zaizkigun irakasgai horietako bat da; badirudi inoiz ez dagoela horretarako astirik. Lan-bizitza amaitu ostean, ezin dugu aitzakiarik jartzen jarraitu: errealitatea da gero eta denbora gehiago bizi garela, eta, etapa horretaz gozatu ahal izateko, geure ongizatearen ardura hartu behar dugu, eta geure burua zaintzen ikasi. Ez diogu geure buruari zahartzen utzi behar, beste barik”.
Agekin Sasoiko programak ikasgai berriak eta ikasteko modu berriak proposatzen ditu, garai berriekin eta gero eta zabalagoa eta anitzago den eta duela hamarkada gutxiko adinekoekin zerikusi gutxi edo batere ez duen kolektibo baten beharrizanekin bat datozenak. Gorka Martínezek azaldu duenez, “aurrean erronka bat daukagu: erretiroaren aroa ikaskuntza-prozesuekin, eta are gutxiago eguneroko bizitzako premiei buruzko ikaskuntzarekin, lotzera ohituta ez dagoen publiko batengana iristea”. Lan-merkatua izaten da bizitzan zehar ikasketa-hautaketak markatzen dituena: lehenik eta behin merkatu horretara sartzeko, eta gero hor mantentzeko edo hobetzeko. Behin lan-etapa amaituta, gaur egun aisialdi hezitzaileko aukera ugari daude; orain, irakasgai garrantzitsuenari, norberak bere burua zaintzeari, aurre egiteko lehen proposamen integralarekin dator Agekin Sasoiko.
Ildo horretan, BBK-k oso prestakuntza praktikoa diseinatu du, eginez ikasteko ereduari jarraitzen dioten irakaskuntza-metodologia berriekin bat datorrena. Ezaupideak integratzeko modurik onena da, eta, horrela, mamu batzuk urruntzekoa ere bai. Adibidez, adineko pertsona batzuk kezkatzen dituen hori: “Izan ere, dagoeneko zaharregia naiz ikasteko!”. Hori bai, Agekin Sasoikoren lehen promozio honetako hogeita hamar ikasleek ikasturte-amaierako lan bat egingo dute taldean, prestakuntzan zehar planteatutako gairen batekin lotuta.