ETORKIZUN ZALANTZAZKOAK, GAUR EGUN EUSKAL GIZARTEAK AURREAN DITUENAK BEZALAKOAK, KUDEATZEN LAGUNTZEN DUTE JOEREK

Lau herrialdetatik etorrita BBK Trends Forumean parte hartu zuten bederatzi hizlariek aho batez adierazi zuten garrantzitsua zela joeretan oinarritzea etorkizuna ulertzeko egungoa bezalako testuinguruan, ziurgabetasunez eta aldaketez beterikoan. Joerak funtsezko tresna dira balizko agertokiei aurrea hartzeko eta hobeto prestatzeko.

300 pertsona baino gehiago izan ziren atzo BBK Trends Forum-en bigarren edizioan, BBK Salan egin zelarik BBK-k eta C4E Inspiration Company joeren aholkularitza-konpainiak antolatuta. Era berean, bigarren edizio honetan, erruz gainditu ziren 10 herrialde ezberdinetatik streaming bidez jardunaldia jarraitu zuten audientziak.

Hitz egin zuen lehena Mario Tascón izan zen, ‘Prodigioso Volcan’ komunikazio-irtenbide berritzaileetan espezializatutako aholkularitza estrategikoko enpresako bazkide zuzendaria. Tascónek ‘Exploratorium’ tresna azaldu zuen, «% 100 plataforma digitala», enpresei ingurunearen eraldaketak hobeto ulertzen laguntzen diena. Exploratorium «joeren radar bat» da, egungo panoramako «diskurtso» edo «mantra» handien ingurukoa, zeinari adimen artifiziala gehitu baitzaio, edozein joera-analistaren berezko norabide batzuei aurre egiteko.

Ondoren, Montse Zamorano mintzatu zen, Accenture Songeko Diseinu Estrategikoko Lead, eta Espainian eta Portugalen Fjord Trends 2022 txostenaren scoutinga koordinatzeaz arduratu dena. Zamoranok Accenture Song-en dokumentu hau egiteko jarraitzen den prozesu deszentralizatu eta lankidetzazkoa xehatu zuen. Dokumentu hori benetako erreferentzia izaten da joeren sektorean, eta urte bakoitza hastean esperoenetako bat. Fjord Trends-en Accenture Song-eko 35 ordezkaritzetako enplegatuek laguntzen dute, eta horiek trendsetter gisa jarduten dute mundu mailako joera garrantzitsuenen bila.

Bestalde, David Alayonek, Innuba gizarte-berrikuntzako aholkularitza-enpresaren fundatzaileetako bat eta Prospektibako zuzendariak, «2022aren ostean etorriko dena» aletu zuen bere hitzaldian. Datozen urteetarako Alayónek BBK Trends Forum 2022n nabarmendu zituen joeren artean, iraunkortasun edo jasangarritasunaren bilakaera dago birsortze edo leheneratze-kulturetarantz, non jada ez den nahikoa izango ingurumenari egiten zaion kaltea arintzea, baizik eta ekosistemak konpondu eta leheneratu beharra dagoen.

Ondorengo mahai-inguruan, David Sanchez Eroskiko Berrikuntza zuzendariak, Miguel Zorraquino Zorraquinoko aholkulari estrategikoak, Unai Iparragirre EiTBko zuzendariak eta Xabier de la Torre BBK Fundazioko Ikerketa arloko arduradunak beren erakundeen berrikuntza-prozesuetan joerek duten eginkizunaz berba egin zuten.

Arratsaldeko saioan, Claudia Lieshout Philips Design-eko diseinu-ikertzaile nagusi eta «pertsonengan oinarritutako» joeren arduradunak azaldu zuen bere erakundeak zelan erabiltzen duen tresna hori osasunaren esparruan gertatzen ari diren aldaketei aurrea hartzeko eta, horrela, merkaturatzen dituen produktu eta zerbitzu berrien izaera berritzaileari eusteko.

Carol Fernandesek, 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen joeren analistak, Rio de Janeiroko Industrien Federazioak sortutako eta berak koordinatzen duen Casa Firjan Joera Laborategiaren kasua azaldu zuen. Laborategi hori Rio de Janeiroko enpresetan eragina izan dezaketen joerei aurrea hartzeaz arduratzen da, elkartekideen artean espiritu berritzaile handiagoa eta etorkizunarekiko interesa sustatuz.

Azkenik, Peter Bishopek, Houstongo Unibertsitateko Prospektiba Estrategikoko irakasle emeritu eta Teach the Future erakundearen sortzaileak, parte hartu zuen. Erakunde horren helburua da eskoletan, maila guztietan, etorkizuneko errealitateen azterketa sartu gura duten hezitzaileak horretan animatzea eta laguntzea. Zalantzaz beteriko eta etengabe aldatzen ari den errealitatea kudeatzen ikasteko umeek duten premia defendatu zuen Bishopek, eskolan zuzenean aplikatzeko irtenbide eta metodologia zehatzak proposatuz.

Saioen edukiaz gozatzeaz gain, bertaratuek etorkizuneko joerak identifikatzen lagundu ahal izan zuten BBK Trends Forum «trendometroaren», ekitaldi honetarako soilik sortutako tresnaren, bidez.