BBK Klima Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxiki zaio

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna aplikatzeko proiektuaren bigarren fasearen barruan, Europarc Federazioak BBK Klima proiektua aitortu du Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitako erakunde gisa, Urdaibai Biosfera Erreserban ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-ingurunearen errespetuan oinarritutako turismoa sustatzera zuzenduta dagoelako.

Aintzatespen horrek ziurtatzen du BBK, BBK Klima proiektuaren bidez kokagune horretan bere jarduera zertzen duen erakundea den aldetik, CETSi atxikita dagoela, eta, beraz, naturagune babestuaren laguntzaile gisa bereizten dela, baita jasangarritasunaren aldeko bere apustu irmoagatik ere.

Gogoratu behar da klimaren aldetik neutroa den ekonomia lortzeko Nazio Batuen 2030 Agendarekin, Europako Batzordearen 2050 Agendarekin eta Basque Green Deal-ekin  BBK-k duen konpromisoari erantzuten diola BBK Klima proiektuak.

Urdaibai, BBK Klima & CETS

Urdaibai-Busturialdea eskualdeak, Urremendi-Landa Garapenerako Elkartearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Urdaibai Biosfera Erreserba Zerbitzuaren eskutik, 2019an ekin zion CETSi atxikitzeko bideari, Euskadiko lehen gune babestu gisa. Horrela, 2021ean bere akreditazioa lortu zuen eta 2020-2024 urteetarako Urdaibai-Busturialdeko Turismo Jasangarriaren Estrategia eta Ekintza Plana onartu zituen.

BBK Klima proiektuak Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean du BBK Klima Abentura esperientzia-parkea, eta bertatik lantzen ditu klima-aldaketari buruzko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa.

Oraingo honetan, BBK Klimak atxikimendu-ziurtagiria jaso du, Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna aplikatzeko bigarren fasearen barruan. Beste urrats bat ingurunearekiko duen konpromisoan.

Babestutako Naturaguneetako Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna (CETS) EUROPARC Federazioaren ekimena da, eta Europako naturagune babestuetan turismoaren garapena jasangarritasunaren ikuspegitik sustatzea du helburu.  Azpimarratu behar da borondatezko metodo eta konpromiso bat dela parte hartu gura duten eragileen artean turismo jasangarriaren printzipioak aplikatzeko. Era berean, nazioartean ospea duen akreditazioa da, turismo arduratsu eta kalitatezkoa garatzeko hain garrantzitsua den lan hori aitortzen duena.