BBK SASOIKO LITERATURA-LEHIAKETAK ZAHARTZE AKTIBOA ETA BELAUNALDIEN ARTEKO HARREMANAK DITU ARDATZ

Zahartze aktiboarekin eta gizartearen parte-hartzearekin duen konpromisoari erantzunez, BBK Sasoiko literatura-lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du abian BBK-k. ‘Despertar a la escritura / Idazten Hasi’ Bizkaian bizi diren 55 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Zahartze aktiboari eta belaunaldien arteko harremanei buruzko kontakizunak aurkeztu ahal izango dituzte, Sasoiko programaren helburuen ildotik.

Izena emateko epea zabalik dago eta parte-hartzaileek uztailaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak, webgune honen bidez: www.bbk.eus/es/proyectos/bbk-sasoiko/

Idazlanek gutxienez 500 eta gehienez 2.500 hitz edo berba izan beharko dituzte.  Lehiaketak 400 euroko lehen sari bat emango du eskudirutan eta 200 euroko bigarren sari bat, bi modalitateetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Sariak irailaren 29an banatuko dira Bilbon.

‘Despertar a la escritura / Idazten Hasi’ duela hiru urte sortu zen BBK Sasoikoren barruan, sormenezko idazketaren taldea osatzen dutenen ekimenez. Lehiaketa honek esparru ezin hobea eskaintzen die 55 urtetik gorako bizkaitarrei gehien interesatzen zaizkien bi gairi (zahartze aktiboari eta belaunaldien arteko harremanei) buruzko ideiak eta sentimenduak taxutzeko; eta, gainera, modu sortzailean egiteko idazketaren bidez. Era berean, kontakizun horiek gizarteari, oro har, bi gai horien inguruan hausnartzen lagundu ahal diote, arlo horretan sentsibilizazio-lan handia baitago egiteko.

Zahartze aktiboa sustatzea eta belaunaldi desberdinetako pertsonen artean lotura erraztea beti egon da BBK Fundazioaren helburuen artean. Orain, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan ─eta BBK-k bere estrategia korporatiboaren barruan txertatuta du hori─, erakundeak bultzada zeharkako edo transbertsala eman gura dio alderdi horri. Lan-etapa amaitzen ari diren baina aktibo jarraitu gura dutenen parte-hartze soziala modu berritzailean sustatzeko BBK-k duen ekimena da Sasoiko, eta helduen bizi-kalitatea hobetzen eta belaunaldien arteko harremanak eta elkartasuna bultzatzen laguntzen duten prestakuntza-tresnak emateko beharra darama bere DNAn.

Horretarako, urtean zehar, hainbat ekintza egiten ditu, hala nola belaunaldien arteko harremanen arloan eragileak prestatzea; edo sormenezko idazketaren lehiaketa hau, dagoeneko hirugarren ediziora iritsi dena.