BBK-ren “Bakardade Ikusezina” erakusketa Mundakan izango da uztailaren 28ra arte
Mercedes, BBKren eskutik Bakardade Ikusezina</em> proiektuaren protagonista den eskultura hiperrealista, Mundakan kokatu da oraingoan. Nahi ez den edo gura bako bakardadea ikusaraztea helburu duen erakusketa Udal Liburutegian egongo da gaurtik, uztailak 10, hilaren 28ra arte.
Ekimen hau “BBK Herriz herri” proiektuan kokatzen da, eta Bizkaiko udalekin eskuz esku lan egin gura du aukera-berdintasunaren, gizarteratzearen eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzetan, betiere lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaren eta GJHen ikuspegitik.
Erakusketak irauten duen egunetan, Mundakako bizilagunek bi dinamizazio-jarduera ere egin ahal izango dituzte. Uztailaren 12an 11:30etik 13:30era izango da ekintza horietako bat. Eskulturak bakardadeari buruz eragiten dituen iritziak eta sentimenduak batzea proposatuko du jarduera honek. Ruben Orozco artistak egin du eskultura, nahi ez den edo gura bako bakardadearen arazoaz sentsibilizatzeko, eta mural bat gauzatzen joateko. Horretarako, eskulturaren inguruan mural bat jarriko da galdera hauekin: Zerk sentiarazten dizu bakardadea? Zer transmititzen dizu artelan honek? Bertaratzen den jendeak post-it-etan idatzi ahal izango ditu bere erantzunak.
Bestalde, uztailaren 26an, 17:00etatik 18:30era, kafe-solasaldi edo tertulia proposatzen da. Gune irekia eta parte-hartzailea, “Bakardadeari ahotsa jarri” izenburupean; bertan, parte-hartzaileek bakardadeaz hitz edo berba egin eta hainbat ikuspuntu edo bizipen partekatu ahal izango dituzte.
“Mercedes” 89 urteko emakume baten eskultura hiperrealista da; bakarrik dago, serio eta burumakur, banku batean eserita. Ruben Orozco mexikarraren eskultura hiperrealista da, ‘Bakardadean hildako azken pertsona’, eta gizarte-gaitz isil bati buruzko arreta-deia ere bada, pairatzen duenarentzat oso mingarria baita eta, gizarte gisa, ezin dugu horrelakorik onartu. Arazo horren ondorioak maila fisikoan, emozionalean eta sozialean gertatzen dira, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea.
“Herriz Herri-ren bidez, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k” esan du Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak. “Gure Gizarte Ekintzak lurraldeko udalerri guztietan inpaktu edo eragin positiboa izan dezan konprometituta gaude, Bizkaia guztiontzakoa, inklusiboa, oparoa, kohesionatua eta jasangarria eraikitzeko. Herriz Herri-rekin, Udalen eskutik, adinekoei bakardadean laguntzeko, eten digitala murrizteko, klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta gizarte osoaren erronkei aurre egiteko proiektuak garatuko ditugu”.
