BBK GJH EGUNA-k bigarren edizioa irailaren 23an izango du

BBK Kuna GJHen Etxeak, Garapen Jasangarrirako Helburuak zabaltzeko eta horietan eragiteko bere misioari leial, GJHak kalera aterako ditu berriro, IRAILAREN 23an, LARUNBATA, GJH Egunaren bigarren edizioan.

Egun osoan zehar, BBK GJH EGUNAk Bilboko Casilda Iturrizar Parkean eta Bizkaiko hainbat txokotan kalitatezko kultura- eta aisialdi-proposamenak antolatu ditu, hala nola: jolasak, ikuskizunak, erakusketak, gastronomia, kirola edo Bizkaiko Elikagaien Bankuaren aldeko martxa solidarioa, tokiko eragileek diseinatua, herritar guztientzako programazioaren erdigunean GJHak daudela.

Gainera, bigarren edizioan, BBK GJH Eguna Bilbotik haratago zabalduko da eta Bizkaiko hainbat lekutara iritsiko da GJHen inguruan sentsibilizatzeko. BBK GJH Eguna ekimenak, egun osoan zehar, Bilboko hainbat enklabe edo kokagune aktibatuko ditu, non Garapen Jasangarrirako 17+1 Helburuen inguruan parte hartzeko ekintzak izango diren.

Jardunaldiari amaiera bikaina emateko, KUNA FESTek BULEGO, OLAIA INZIARTE eta SUPERCREMALLERAS taldeak bilduko ditu Guggenheim Zabalgunean, iluntzean.

Bulego taldeak “Erdian Oraina” estreinako diskoarekin publikoa bereganatu zuen.  Tomas Lizarazu, Itziar Beitia, Jon Larrañaga, Ruben Lizarralde eta Xabier Arrieta daude taldean, eta, zalantza barik, Euskadiko egungo pop fenomeno nagusia da.

Olaia Inziarte artista nafarra bere bakarkako proiektuari forma ematen hasi berri da. Beti musikarekin oso lotuta, eragin zahar eta berriak bereganatuz eta, ezeri ateak itxi barik, kantu berriak aurkeztuko ditu.

Supercremalleras Gernika – Lumotik datorren pop rock taldea da. 2021ean kaleratu zuten lehen diskoa, “Aviones con vértigo”, melodia itsaskor eta letra txantxazaleekin pop rock kantuz betea. Joan den udaberrian bigarren LPa kaleratu zuten: “Arte Moderno y Amor Eterno”.