BBK Sasoikok 2023-2024 ikasturterako bere aisialdi aktibo eta parte-hartzailearen eskaintza aurkeztu du

00 Sasoiko

BBK Sasoikok, adineko edo nagusientzako BBK-ren gune aktibo eta parte-hartzaileak, dagoeneko zehaztuta du datorren urrian hasiko den ikasturterako jardueren proposamena. Bere eskaintzan sartu ditu: Agekin programaren bigarren edizioa, 55 urtetik gorako bizkaitarren prestakuntzara eta ahalduntzera bideratua; ongizate fisikoa lantzen duten Mugikon saio berriak; edo inprobisazioari buruzko ikastaro bat. Horrez gain, BBK Sasoiko zinema-proiektuari jarraipena emango dio, eta hilero gaurkotasun-pilula batzuk egongo dira, gai berriak jorratzeko, hala nola adimen artifiziala edo espazioa.

Jarduera-programa honek bizitza aktiboa izan eta gizarteari ekarpenak egiten jarraitu gura duten Bizkaiko heldu nagusien parte-hartzea bilatzen du, horrela nahi ez duten edo gura bako bakardade-egoerak saiheste aldera. Bilboko Zazpikaleetako BBK Sasoiko zentroan emango da prestakuntza. Eskaintza honek adinekoen belaunaldi berrien kezkei erantzuten die, eta ikasturtean zehar zabaltzen joango da.

Ikusmin handiena sortzen duen ikastaroetako bat “Agekin Sasoiko” programaren 2. edizioa da; izan ere, harrera bikaina izan du aurreko edizioan parte hartu dutenen artean.  Prestakuntza honek ikasturte akademiko bateko iraupena du, urritik maiatzera, astelehen eta asteazkenetan, 9:30etik 13:00etara. Bertan, helduaren bizi-etapan ahalduntzeko ezaupideak eta gaitasunak eskuratzen dituzte parte-hartzaileek, bizitzaren ikuspegi integrala eskaintzen baitu osasunari, parte-hartzeari, segurtasunari, bizitza osoko ikaskuntzari eta belaunaldien arteko harremanei dagokienez.

Ongizate fisikoa bilatzen duten pertsonentzat, BBK Sasoikok Mugikon eskaintzen du berriz ereModuluen eta saioen bidez, taldeko jarduera fisikoa sustatzen du, emozio positiboak eta programan parte hartzen duten beste pertsona batzuen konpainian jarduerarekiko atxikimendua sortuz.

Zinema-ikastaroa ere emango da berriro, ikasleei zazpigarren artea gerturatzea helburu duena, programa teoriko-praktiko baten bidez. Zinemaren hainbat adarrekin eta lanbiderekin lotutako ariketen bidez, ikasleek aktiboki parte hartuko dute fikziozko film labur baten sorkuntzan. Izena ematen duten pertsonek sorkuntza-fase osoa ikasiko dute: literatura-gidoiaren idazketatik hura gauzatzeraino filmaketaren bidez, ekoizpen-, prestakuntza-, argazki- eta kamera aurreko interpretazio-prozesutik pasatuz.

Era berean, Inprobisazio-ikastaro bat ere sartu dute. Bertan, joko ezberdinen bidez, lotsa eta irrigarritasunaren zentzua galtzea landuko da, entzutearen eta talde-lanaren bidez. Era berean, hilero BBK Sasoiko zentroan hitzaldiak eta tailerrak izango dira, gaurkotasuneko gai eta esparru interesgarrietan, hala nola adimen artifizialean edo espazioan, espezializatutako profesionalek emanak.

Interesatuek izena eman ahal izango dute eskainitako jardueretan irailaren 1etik aurrera BBK Sasoiko zentroan edo www.bbk.eus webgunean, non gainera jarduera bakoitzari buruzko xehetasunak ikusi ahal izango dituzten.

ARGIBIDE GEHIAGO