BBK Sasoikok bere prestakuntza-eskaintza indartu du agungo gaiei lotutako proposamen berriekin
BBK Sasoikok bere prestakuntza-programa zabaltzen jarraitzen du, eta ekimen berriak sartu ditu paketean, helduen gaitasunak lantzeko, ikaskuntza sustatzeko, ekimenak sortzeko eta esperientziak biltzeko. Oraingo honetan, eta kolektibo horren eskaerari erantzunez, programazioak “Gaurkotasun-pilulak” aurkezten du, eta horren helburua da gaur egungo gaiei ikuspegi desberdinetatik eta ikasleak gai horietara hurbiltzeko gaitasun eta trebetasunetatik heltzea.
Eskaintza berria urriaren 20an abiatu zen, eta bariku edo ostiralero egingo da Erronda kaleko BBK Sasoiko gunean, eta hitzaldiak eta saio batzuetan tailer praktikoak uztartuko dituen formatua izango du. Urteko azken hiruhileko honetan, prestakuntza-paketean adimen artifizialari, espazioari eta immigrazioari lotutako gaiak sartuko dira.
Adimen artifiziala izango da urrian “Gaurkotasun-pilula” hauen bidez jorratuko diren gaietako lehena. Saioak 20 eta 27an izango dira, 10:00etatik 13:00etara. Jardueraren barruan hitzaldi bat izango da egunero eta, ondoren, adimen artifizialeko tresnen tailer praktiko bat egingo da parte-hartzaileen telefono mugikorrekin. Hilaren 20an, Carlos Quesada, Deustuko Unibertsitateko Telekomunikazioetako doktore ingeniaria, arduratuko da “Adimen Artifizialari buruzko Sarrera (IA)” egiteaz.
Hilaren 27an “Adimen artifizialaren garapenean alderdi etikoak eta sozialak” aztertuko dira, Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza Berrikuntzan eta bizialdi osoko ikaskuntzan doktorea den Lirio Floresen eskutik.
Azaroa espazioa esploratzeko hilabetea izango da, hitzorduak 10, 17, 24 eta abenduaren 1ean, 11:00etatik 13:00etara. Gaiari buruzko lehen hitzaldia, “Planetak: Unibertsoan bizitza bilatzea”, Agustin Sanchez Lavegak, EHUko Espazio Zientzia eta Teknologiako Unibertsitate Masterreko zuzendariak, emango du. Hilaren 17an “Euskal industriak lasterketa aeroespazialari egindako ekarpena” ezagutuko da, Sener-eko Jokin Zabalarekin. Azaroaren 24an, berriz, José Félix Rojas Zientzia Fisikoetan doktore eta EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileak “Suziriak: espazio-propultsioa” gaiari buruz hitz egingo du. Santiago Pérez Hoyosek, Zientzia Fisikoetan doktore eta EHUko Planeta Zientzien Taldeko ikertzaileak, emango dio amaiera azaroko programazioari “Unibertsoa” hitzaldiarekin.
Interesa dutenek programari buruzko informazio guztia eskuratu eta izena eman dezakete esteka honen bidez: www.bbk.eus/es/proyectos/bbk-sasoiko/ eta aurrez aurre BBK Sasoiko gunean.