Dantz Point Bizkaia by BBK jaio da, musika elektronikoaren bidez lurraldeko gune enblematikoei balioa emango dien zikloa

Dantz point Bizkaia

Gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan Dantz Point Bizkaia by BBK ekimen kultural berria. Ekimen hori lurraldeko hainbat udalerritan egingo da, abuztuan eta irailean. Doako bost hitzordu izango dira, bost aste jarraian, eta musika elektronikoak ezohiko agertokiak hartuko ditu, aire zabalean, Ondarroa, Elorrio, Gernika, Durango eta Portugaleteko enklabe esanguratsuetan. Horrela, Dantz Point proiektua -2019an jaio zen, musika elektroniko eta garaikideko performance artistiko eta sortzaileen bidez ondareari balioa emateko helburuarekin- Bizkaira iritsiko da orain lehen aldiz, BBKren laguntzari esker.

Orain arte, 80 ‘dantz point’ baino gehiago egin dira Lisboa, Amsterdam, Atenas, Bordele, Hondarribia, Donostia, Iruña edo Cartagenan, beti ere “musika elektronikoari esker, komunitatearentzako esperientzia paregabe eta aberasgarriak leku berezietan eskaintzeko helburuarekin”, Jokin Telleria Dantz plataformako zuzendariaren hitzetan. “Ziklo berri hau hizkuntza kultural eta musikal berriak Bizkaiko hainbat txokotara eramateko gure apustuaren adibide argia da”, azaldu du aurkezpenean Koldo Bilbao BBK-ko kultura arduradunak. Aldi berean, “gure lurraldeko ondare historiko eta kultural aberatsarentzat publiko berriak sortzea lortuko da abangoardiako musikaren bidez”, nabarmendu du.

Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 abuztuaren 23an, ostirala, hasiko da Ondarroan, hain zuzen ere bere Musika Plazan. Gune honek alde zaharraren ikuspegi panoramikoa eskainiko du, baita itsasadarretik itsasora ateratzen den tokiarena ere, eta Koldo Loira eta Celeraka artista lokalentzat agertoki izango da, inguruko beste DJ batekin, Garairekin, set-a partekatuko baitute. Astebete geroago, abuztuaren 30ean, ostirala, zikloa Elorrion izango da, Ganondo parkean bertan, herriko birika berdea eta alde zaharra atzean dituela. Inguru honetan BRGS, Elena Barker eta Gisa artistez gozatzeko aukera izango da.

Irailean, hiru geltoki izango ditu Dantz Point Bizkaia by BBKk. Lehenengoa, hilaren 7an, larunbatean, Gernika-Lumoko Pasileku plazan izango da, 1882an eraikia, Gernika hiribildua eta Lumoko elizatea nahitaez batu ondoren. XIX. mendeko topagune horretan, XXI. mendeko musikaz gozatu ahal izango da Willy Kasper, Banpi eta Monika Elektrari esker. Irailaren 14an, larunbata, Durangoren txanda izango da. Santa Ana plazan, bere izena hartzen duen arkuak (1566koa da eta zutik dirauen harresi zaharraren sei sarreretatik bakarra da) ongietorria egingo dio publikoari, eta Hiike, Aitana Rodríguez eta Areden saioez gozatu ahal izango du.

Dantz Point Bizkaia by BBK 2024 irailaren 21ean itxiko da, larunbata, gure lurraldeko iragan marinel eta industrialaren ikuspegi pribilegiatuak dituen enklabe batean: Portugaleteko Santa Maria Basilikaren ingurua, Nerbioi eta Bizkaia Zubiaren gainean. Egun horretako kartela Tronis, Miravalles eta Amaia Yanizek osatuko dute. Bost ‘dantz point’ ak doakoak eta publikoari irekiak izango dira, BBKren lankidetzari ez ezik, bost udalerrietako udalen lankidetzari esker. Iraunkortasuna, Dantz Pointen beti bezala, ziklo berri honen ardatzetako bat izango da, eta honako premisa honetatik abiatzen da: “ondarea modu berritzailean balioestea, baina aukeratutako lekuetan inbaditzailea izan gabe eta inguruaren harmonia errespetatuz”. Laster, xehetasun guztiak dantz.eu webgunean.