Maiatzak 12, 2025

BBK-k Gertu Kulturaren sorrera bultzatu du Bizkaian

Gertu Kultura

BBK Salan abian jarri da Bizkairako Gertu Kultura, zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazten dien programatzaile-sarea, eta dagoeneko gaurtik martxan dagoena. BBK Banku Fundazioak bultzatu du ekimena bere ‘Kultura Inklusiboaren aldeko 2024-2030 Estrategiaren’ esparruan, eta ekimen hau sortu da “Bizkaiko kultura-eskaintzaz gozatzeko aukera bizkaitar guztiei bermatzeko unea iritsi delako, batez ere oraindik eskaintza horretaz baliatzeko zailtasunak dituztenei”, azaldu du Koldo Bilbaok, BBK-ko kultura arloko arduraduna. “Kultura-aukeren benetako berdintasuna sustatzea eta inor atzean ez uztea ez da jada aukera bat: premia geroraezina da”.

Funtzionamendua erraza

Gertu Kulturaren funtzionamendua erraza da. Doakoa den eta eskuragarri dagoen www.gertukultura.org/bizkaia plataformaren bidez, edozein zaurgarritasun-egoeratan dauden pertsonekin lan egiten duten gizarte-erakundeek sarrerak erreserba ditzakete artatzen dituzten gizataldeentzat. Bestalde, lehen fase honetan bat egin duten 21 kultura-programatzaile publiko eta pribatuek (eta laster batuko diren guztiek) beren ohiko jarduerak prezio merkean eskaintzen dituzte (gutxienez % 2ko edukiera-erreserbarekin), baita ekitaldi espezifikoak, sartzeko lehentasuna, laguntza-tresnak (audiodeskribapenak, gidak, etab.), prestakuntza artistikoa eta abar ere. Arriaga Antzokia, Euskalduna Jauregia, BBK Sala bera, BOS, Euskadiko Orkestra, Rekalde Aretoa, Arrantzaleen Museoa, El Pobal Burdinola, Txakoligunea… inplikaturik dauden leku ugarietako batzuk dira. Baina zerrenda hori etengabe handitzea da asmoa.

Gertu Kulturaren bidez, ekipamendu bakoitzaren irisgarritasuna ere kontsulta daiteke, irakurketa errazeko informazioa eduki, edo kolektiboen beharrizanak azaldu, irisgarritasun-kate osoa beti bermatuta egon dadin. Era berean, webguneak etengabeko prestakuntzako gordailu gisa ere funtzionatzen du, arteen eta kulturaren bidezko irisgarritasunari eta gizarteratzeari buruzko baliabideekin; izan ere, Gertu Kulturaren konpromisoa da kultura-eragileak eta hirugarren sektorekoak modu egonkorrean elkartzea eta modu pertsonalizatuan aholku ematea.

Sentsibilizazioa

Horretaz guztiaz gain, Gertu Kulturak bi ardatz osagarritan ere lan egiten du. Batetik, (kanpaina, jardunaldi eta topaketen bidez) herritarrak sentsibilizatzea, gizarte-aniztasuna eta bazterketa-egoerak ikusarazteko eta horiei buruzko ezagutza sortzeko. Bestetik, Bizkaiko kultura-sektorearen prestakuntza eta laguntza, dagoeneko programatuta dauden hasierako biak bezalako saioekin (beti doakoak). Maiatzaren 30ean online mintegi bat eskainiko da irisgarritasunari buruz, eta ekainaren 18an, Bilboko Itsasmuseum-en, aurrez aurreko lehen prestakuntza-saio bat izango da kultura-programatzaileentzat, kasu honetan irisgarritasun kognitiboari buruzkoa, adimen-desgaitasuna dutenei kulturarako sarbidea bermatzeko helburuarekin.