Irailak 8, 2026
Bizkaian aire zabalean gozatzeko plan onenak asteburu honetarako

Irailari hasiera emango diogu Bizkaian asteburua azken momentura arte gozatzeko proposamen berriekin, aire zabaleko kirola, bertako giroa eta publiko guztientzako jarduerak uztartuz.
Alde batetik, Mendi Martxen egutegiari ekingo diogu berriro udako atsedenaldiaren ondoren. Bizkaiko Mendizale Federazioaren eskutik, berriro elkartuko gara gure lurraldeko paisaiak modu aktibo, jasangarri eta inklusiboan zeharkatzeko.
Oporren osteko gure lehen hitzordua irailaren 13an izango da Ortuellako igoerarekin; aukera paregabea botak berriro janzteko eta naturaz gozatzeko. Ibilbide honen ondoren, programaren azken txanpari aurre egingo diogu Barakaldoko (urriak 4) eta Getxoko (azaroak 22) martxekin. Ohi bezala, irteera guztiak homologatutako bidezidorretatik diseinatzen ditugu eta leku mugatuekin, gure natura-ingurunearen zaintza eta babesa bermatzeko.
Mahai-futbol txapelketa Portugaleten
Hiri-ingurunean bestelako plan bat bilatzen baduzu, igandean esperoko zaitugu Portugaleteko azokan. Bertako produktuen ohiko postuen eskaintzaz gain, mahai-futbol txapelketaren bigarren edizioa hartuko dugu, uztailean Gorlizko azokan egindako lehen deialdiak izandako harrera bikainaren ondoren.
Adin guztietako pertsonei irekitako proposamena da eta ez da aldez aurretik izena eman behar: iristean bertara hurbildu eta bertan izena ematea besterik ez duzu. Puntuaziorik onenak lortzen dituztenek bertako produktuen loteak eta hainbat opari eramango dituzte; lehenengo posturako sari berezia bi motxila izango dira.
Ordutegia• 11:00– Izen-emateen irekiera• 12:00 – Txapelketaren hasiera• 14:00 – Amaiera
Natura eta ikaskuntza Klima Abenturan
Eguna Urdaibairen bihotzean aire zabalean igaro nahiago dutenentzat, Klima Abenturak zabalik mantenduko ditu ateak iraila eta urrian zehar. Parkeak esperientzia murgiltzaileak, tailerrak eta jolasak eskaintzen jarraitzen du, familiek erreserbako ingurumen-aberastasuna ezagutu dezaten planeta zaintzearen garrantzia ikasten duten bitartean.
Irailean zehar larunbat eta igande guztietan bisita dezakezue parkea 11:00etatik 19:30era. Gainera, parkea urrian ere zabalik egongo da, larunbat eta igandeetan 10:30etik 19:00etara hilabete amaiera arte.
Proposamen oso anitzak ikasturte berriari ongi etorria emateko eta gure lurraldeak eskaintzen dituen aisialdi aukerak aprobetxatzeko.

