Urriak 19, 2026

Santo Tomas Azoka 2026rako izena emateko epea zabaldu dugu

Santo tomas productores

Datorren abenduaren 21ean, Bilboko Areatza eta inguruak gure tradizioz, zaporez eta bertako produktuz beteko dira berriro. BBKn lanean ari gara 77. edizio hau gure baserritarren, ekoizleen eta herritarren topagune izan dadin, lehen sektorearen, hurbileko kontsumoaren eta jasangarritasunaren aldeko gure konpromisoari eutsiz.

Izan ere, Santo Tomas Azoka merkatu bat baino askoz gehiago da: gure lurra zaintzen dutenen lana aitortzeko, landa-mundua hirira hurbiltzeko eta bertako produktuen kalitatea nabarmentzen jarraitzeko aukera da.

Izena emateko epea ireki dugu, azaroaren 6ra arte

Urriaren 19tik azaroaren 6ra bitartean, 2026ko Santo Tomas Azokan parte hartu nahi duten ekoizleek eta eraldatzaileek eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte.

Izena BBK ETA ZU atariaren bidez eman beharko da, dagokion formularioa beteta eta eskatutako dokumentazioa erantsita.

Hauek dira prozesuko data nagusiak:

  • Urriaren 19tik azaroaren 6ra: izena emateko epea.
  • Azaroaren 20an: postuen behin-behineko esleipenak argitaratuko dira.
  • Azaroaren 23an eta 24an: erreklamazioak aurkezteko eta postuei uko egiteko epea.

Parte hartzeko oinarrietan kontsulta daitezke baldintza guztiak, beharrezko dokumentazioa eta balorazio-irizpideak. Aurreko edizioetan bezala, hurbileko ekoizpenaren, kalitatearen, jasangarritasunaren eta lehen sektoreko belaunaldi berriak bultzatzearen aldeko apustuari eusten diogu.

Edozein kontsulta egiteko, gure lantaldearekin harremanetan jar zaitezkete helbide elektroniko honen bidez: sectorprimario@bbk.eus

Jasangarritasun eta elkartasun gehiago Santo Tomas Azokaz gozatzeko

Bertako produktuen gure ohiko postuez gain, hainbat ekimen prestatzen ari gara, Santo Tomas Azoka gero eta ospakizun jasangarriagoa, parte-hartzaileagoa eta solidarioagoa izan dadin.

Horien artean, Batu eta irabazi izango dugu berriro, beira modu dibertigarrian birziklatzea sustatzeko gure ekimena. Aurten beste urrats bat emango dugu, eta parte hartzeko bi gune izango ditugu Areatzan. Parte hartzea oso erraza izango da: birziklatzeko entregatzen den beirazko botila bakoitzeko txartel bat emango dugu. Txartel horrekin, prest ditugun 318 sarietako bat irabazteko aukera izango da; sarien artean, motxilak eta bestelako opariak izango dira.

Eta, jakina, elkartasunak ere leku nabarmena izango du berriro. BISUBIrekin batera, gure babarrun solidarioak berreskuratuko ditugu. Ekimen horrek gastronomia eta gizarte-konpromisoa uztartzen ditu, eta dagoeneko ospakizun honen parte da.

Hauek prestatzen ari garen proposamenetako batzuk baino ez dira. Datozen asteetan, edizio honetako jarduerei eta berrikuntzei buruzko xehetasun gehiago partekatuko ditugu.

BBKn, tradizioa eta etorkizuna uztartuko dituen Santo Tomas baten aldeko apustuari eusten diogu. Gure lurra lantzen dutenei babesa emango dien eta geureaz modu jasangarriagoan eta solidarioagoan gozatzeko aukera emango digun jaia nahi dugu. Abenduaren 21ean Bilbon ikusiko dugu elkar!