Abiatu da PACT BY BBK, nerabeen arteko berdintasuna eta tratu ona bultzatzeko tailerrak

PACT BY BBKren lehen edizioa jarri du abian BBK-k, Bizkaiko nerabeen harreman afektiboetan eta afektibo-sexualetan tratu ona ematea helburu duen ekimena.
15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta, programa honek askotan desberdintasuna eta indarkeria eragiten duten istorioen gidoia aldatzera gonbidatzen ditu gazteak, eta ikaskuntza, esperientzia eta akordioak eskaintzen dizkie, saio dinamiko eta esperientziazkoen bidez, hori guztia sexu-hezkuntza feminista integralaren ikuspegitik.
Datozen hilabeteetan, PACT BY BBK-k talde txikiei zuzendutako saio dinamikoak eskainiko ditu; saio horietan, gazteek eta nerabeek, beren aisialdi-taldearekin edo kirol-taldearekin, gai hauek aztertu ahal izango dituzte: autokontzeptua, harremanetan nork bere burua zaintzea, eta harreman osasuntsuen eta maitasun onaren eraikuntzan adostasuna eta konpromisoa bilatzea. Adin bakoitzera egokituta, gazteen artean berdintasun eta tratu onarekiko konpromisoa sustatzera bideratuta daude jarduerak. Prozesu hori guztia Tratu Onen aldeko Akordioetan, berdinen arteko ahalduntzea indartzen duen itunetan oinarritutako adostasun-esperientzian, gauzatzen da.
Programak bost saio dinamiko eta esperientziazko izango ditu, eta seigarren festa-saio bat Isa Duque sexologoarekin (Psico Woman, Youtuben eta Instagramen), 2024ko ekainean, BBK Salan.
Halaber, lehen edizio honetan, Maria Goiricelayak eta Ane Pikazak zuzendutako ‘La Dramática Errante’ antzerki-konpainiaren laguntza izango du PACT BY BBK-k, eta konpainiak gazteekin batera lan egingo du “Romeo eta Julieta. Z Belaunaldia” antzezlanari forma emateko, 2025ean BBK Salan estreinatuko delarik.
Programak hezkuntza ez-formalaren eta aisialdiaren esparruan nerabeekin lan egiten duten Bizkaiko hainbat erakunderen laguntza du, hala nola Norai, Fidias edo Gorabiderena. Portugalete, Amorebieta Etxano, Barakaldo eta Iurretako udalak ere batuko dira, besteak beste.
Kirol eta astialdiko erakunde guztiek, bai eta programa honetan interesa duten Bizkaiko aisialdi-inguruneetan gazteekin eta nerabeekin lan egiten duten eragile guztiek ere, informazioa eskatu ahal izango dute proiektuak@bbk.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz.
Iaz BBK-k abian jarritako esperientzia pilotu batean du jatorria PACT BY BBK-k, non 10 gazte- eta nerabe-taldek parte hartu zuten, metodologiak, edukiak eta ikaskuntzak partekatuz eta kontrastatuz. Programa pilotu hori Athletic Fundazioaren, Barakaldoko Udalaren, Mungiako Txispeleta Eskaut Taldearen eta Frankfurteko Europar Eskolaren laguntzarekin gauzatu zen.