“BAKARDADE IKUSEZINA” ERAKUSKETA ERMUAN IZANGO DA GURA BAKO BAKARDADEA AGERIAN JARTZEKO

“Mercedes”, BBKren eskutik ‘Bakardade Ikusezina’ erakusketako protagonista den eskultura hiperrealista Ermuan izango da gura bako edo nahi gabeko bakardadea agerian jartzeko. Erakusketa Lobiano Kultur Gunean egongo da gaurtik, ekainaren 6tik, 25era arte eta gure gizarte modernoaren pandemia isiletako batean arreta jartzea du helburu.

Ekimen hau “BBK Herriz herri” proiektuan kokatzen da, eta Bizkaiko udalekin eskuz esku lan egin gura du aukera-berdintasunaren, gizarteratzearen eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzetan, betiere lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaren eta GJHen ikuspegitik.

Erakusketak irauten duen egunetan, Ermuko biztanleek bi jardueraz gozatzeko aukera ere izango dute. Alde batetik, ekainaren 8an, eguen edo osteguna, dinamizazio-jarduera bat izango da 11:00etan. Eskulturak bakardadeari buruz eragiten dituen iritziak eta sentimenduak batzea proposatuko da. Ruben Orozco artistak egin du eskultura, nahi ez den edo gura bako bakardadearen arazoaz sentsibilizatzeko. Jarduera honetarako, eskulturaren inguruan mural bat jarriko da galdera hauekin: Zerk sentiarazten dizu bakardadea? Zer transmititzen dizu artelan honek? Bertaratzen den jendeak post-it-etan idatzi ahal izango ditu beren erantzunak. Dinamizazio-jarduera honek 2 orduko iraupena izango du.

Bestalde, ekainaren 22an 11:30ean kafe tertulia bat antolatzea proposatzen da. Gune irekia eta parte-hartzailea, “Bakardadeari ahotsa jarri” izenburuarekin; bertan, parte-hartzaileek bakardadeaz hitz edo berba egin eta hainbat ikuspuntu edo bizipen partekatu ahal izango dituzte.

“Mercedes” 89 urteko emakume baten eskultura hiperrealista da; bakarrik dago, serio eta burumakur, banku batean eserita. Ruben Orozco mexikarraren eskultura hiperrealista da, ‘Bakardadean hildako azken pertsona’, eta gizarte-gaitz isil bati buruzko arreta-deia ere bada, pairatzen duenarentzat oso mingarria baita eta, gizarte gisa, ezin dugu horrelakorik onartu. Arazo horren ondorioak maila fisikoan, emozionalean eta sozialean gertatzen dira, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea.