BBK GJH EGUNAK larunbat honetan Bilboko kaleetara aterako diru GJH-ak

BBK Kunak bere BBK GJH Egunaren beste edizio bat egingo du irailaren 23an, larunbata.

BBK GJH Egunaren data ez da kasualitatea. Bat dator beste efemeride batekin: 2015eko irailean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, pertsonen, planetaren, oparotasunaren eta bake unibertsalaren aldeko ekintza-plana.

Horrela, bigarren urtez jarraian, BBK GJH Egunarekin, Hiria ikuskizunez, jokoz, tailerrez, kirolez, erakusketaz edo gastronomia- eta moda-proposamenez beteko da, helburu komun batekin: Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) kaleetara ateratzea eta publiko guztiengana hurbiltzea.

Programaren zatirik handiena Casilda Iturrizar parkean gauzatuko da. Bertan, goizetik hasita, GJHak izango dira adin guztientzako doako aisialdi- eta kultura-jardueren eta proposamenen protagonistak.

BBK GJH Egunak parkeko Pergolan hiru ikuskizun partekatuko ditu bere programazioaz gozatzera bertaratzen direnekin.

  • 11: Fashion Revolution Euskadi. Ekintza-performancea, ehungintzak ingurumenean eta gizartean duen eragina agerian uzteko, arreta ehungintzaren lanbidean eta birziklapenean jarrita.
  • 13: ‘Reziklantes’, Turukutuparena. Kaleko ikuskizuna da, eta bertan hainbat musika-estilo jorratzen ditugu, hala nola afrikar eta latindar perkusioa, hip-hopa eta musika garaikidea. Erabilitako tresna guztiak hondakin-materialak birziklatu eta berrerabiltzetik datoz.
  • 16: Organik Dantzak ‘Ondoloin’ partekatuko du. Haurrek lokartu aurretik erritual asko izaten dituzte: ipuina, abestia, peluxea, argia piztuta… Eta lo sakonean murgiltzeko unetik aurrera, beste unibertso batean sartzen gara. Egia esan, bi unibertso oso desberdin izan daitezke, eta ez dakigu oso ondo zergatik ditugun batzuetan ametsak, eta, beste batzuetan, aldiz, amesgaiztoak. Zein da zure amesgaiztorik txarrena? Zein da gehien errepikatzen dena? Eta zure ametsik amestuena?
  • 18: “Terra Festa”, Nuria M. Cresena, festa paregabea, animazioa, dantza eta Agenda 2030en gaia eta GJHak modu ludikoan jorratzen dituena. ‘Terra Festa’ eszenaratze sortzaile eta kalitate handikoagatik nabarmentzen da, arte eszenikoen dinamizatzaile profesionalekin. Musikaz gain, iraunkortasun edo jasangarritasunarekin eta erantzukizun sozialarekin lotutako gai pedagogikoak jorratzen dira.

Amaiera bikaina ilunabarrean izango da, BBK GJH Eguna Guggenheimeko Zabalgunera lekualdatzen denean, KUNA Fest-ari hasiera emateko. Bertan, Bulego, Olaia Inziarte eta Supercremalleras izango dira. 19:30etik 23:00etara luzatuko da festa.

  • Bulego taldeak bere “Erdian Oraina” estreinako diskoarekin bereganatu zuen publikoa. Tomas Lizarazu, Itziar Beitia, Jon Larrañaga, Ruben Lizarralde eta Xabier Arrieta daude taldean, eta, zalantza barik, pop fenomeno nagusia da gaur egun Euskadin.
  • Olaia Inziarte artista nafarra duela gutxi hasi da bere bakarkako proiektuari forma ematen. Musikari oso lotuta beti, eragin zahar eta berriak bereganatuz eta, ezeri ateak itxi barik, kantu berriak aurkeztuko ditu.
  • Supercremalleras Gernika-Lumotik datorren pop rock taldea da. 2021ean kaleratu zuten lehen diskoa, “Aviones con vértigo”, melodia itsaskor eta letra txantxazaleekin pop rock kantuz betea. Joan den udaberrian bigarren LPa kaleratu zuten: “Arte Moderno y Amor Eterno”.

BBK GJH Egunak barra eta foodtruck gunea ere izango du, jendeak hainbat gastronomia-aukera izan ditzan. Gainera, jardunaldiak helburu solidarioa izango du. Bertaratzen direnek Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin elkarlanean aritzeko aukera izango dute, parke osoan zehar jarriko diren Bizum zenbakien bidez.