BBK Klima Zikloak INTO THE ICE dokumentala proiektatuko du Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunean

Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren esparruan (urriak 24), Andrew Opila argazkilari iparramerikarraren INTO THE ICE dokumentala programatu du BBK KLIMA ZIKLOA 2023k. Bertan, Hego Amerikan, Darwin mendilerrora egindako espedizioa erakusten da, zientzia, esplorazioa eta alpinismoa uztartu zituelarik. Ekimen honen bidez, BBK KLIMAk kontzientziak mugiarazi nahi ditu ingurumenaren alde eta klima-aldaketaren aurka.
Mendi Film Zinemaldiaren iazko edizioan arrakasta handiz estreinatu ostean, INTO THE ICE izango da aurtengo BBK Klima Zikloaren pieza nagusia. Opila-ren dokumentalak nazioarteko espedizio bat jasotzen du, eta bertan 4 euskal ordezkarik parte hartu zuten: Eñaut Izagirre eta Ibai Rico glaziologo eta geografoek (EHU), Jon Inoriza alpinista eta eskalatzaileak, eta Jon Artano kazetariak. Bertaratzen direnek jatorrizko bertsioaz gozatuko dute, ingelesez, baina euskarazko azpitituluekin.
Eñaut Izagirrek eta Ibai Ricok aurkeztuko dute filma, eta proiekzioaren ondoren, filmari lotutako eztabaida gidatuko dute eta publikoaren galderei erantzungo diete. Bi saio egingo dira, goizez DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat eta arratsaldez publiko guztientzat.
Erakusketa
Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Eguneko dokumentalaren proiekzioaz gain, Urdaibaiko BBK KLIMA Zentrora hurbiltzen denak INTO THE ICE erakusketaz gozatu ahal izango du urriaren 6tik hilaren amaiera arte. Erakusketak, ikerketarako zein hainbat jardueratarako erabilitako materiala, gailuak eta arropa erakusten ditu. Erakusketa-panelek espedizioaren helburuak eta nondik norakoak azaltzen dituzte, eta klima-aldaketari aurre egiteko neurrien beharrizanaz ohartarazten dute bisitaria.
BBK Klima Zikloa, gizateriak aurrean dituen ingurumen-erronka garrantzitsuenetako batzuei buruzko ikuspegi globala eskaintzeko pentsatutako zikloa da. Publiko guztientzako ekimena eta gaiak zuzenean ulertzeko, ideiak emateko eta, horrela, konponbidea lortzen laguntzeko aukera paregabea. Planeta babesteko konpromisoa hartzeko eta etorkizun jasangarria eraikitzeko ilusioa pizteko gune bat izango da.Ekimen hau BBK Klima proiektuaren esparruan jaio da: prestakuntza, dibulgazio eta esperientzien programa oso baten bidez herritarrak sentsibilizatzea helburu duen zeharkako proiektua da, klima-birsorkuntza erraztuko duten bizimodu jasangarri eta osasungarriak aktibatzeko.
Into the Ice (Andrew Opila)
Darwin mendikatera bidaia: Hego Amerikako mutur urrunean dagoen mendikatea da, basatia eta gehienbat esploratu gabea. 2022ko martxoan eta apirilean, zazpi lagunek nabigatu, eskalatu eta esploratu zuten leku garbi-garbi hau, hobeto ulertzeko zelan ari diren bertako glaziarrak klima-aldaketari erantzuten eta Roncagli eta Cerro Sarara lehen igoera egiten saiatzeko.