Eguberrien atarian

Hurbiltzen ari dira hain seinalatuak, batzuek maitatuak eta bete batzuek gorrotatuak, diren egunak. Horiek maitatzen eta horiekin gozatzen dutenek badituzte zoriontasun-, elkarbizitza- eta partekatze-sentimendu horretan ainguratzen dituzten elementuak eta motiboak. Gorrotatzen dituztenek, hainbat zio eta arrazoi medio, momentuko zorionarekiko ainguratze-puntu horiek galdu egin dituzte. Askotan, bizitza honetan ibiltzeak eragiten dituen zirkunstantzia saihestezinak izaten dira horren eragile. Baina garrantzitsua da zorion-sentimenduetara itzularazten gaituzten motibazioak berriro aurkitzea. Erresilientzia- eta gainditze-gaitasuna eta gure ingurukoen laguntza ezinbestekoak izango dira horretarako.

Baina egia da Gabon edo Eguberri-egunak, neguko solstizioarenak, bakoitzak gura duen erreferentziarekin, harremanetarako datak direla. Eta, batez ere, belaunaldien arteko harreman-egunak. Oso aukera berezia dira… familia egiteko, lagunak egiteko, beste une batzuetan hain naturalak izango ez liratekeen esperientziak partekarazteko.

Duela urte gutxi batzuk, nahiz eta pandemiarekin denbora-ikuspegia galdu egin dugun, iragarki bat atera zen: mahai baten inguruan elkartutako familia batek mahaian zegoen beste pertsonaren baten familia-informazioari buruzko galdera bat jasotzen zuen, off-eko ahots bidez. Honelako itaunak ziren: Zure aitak eta amak non ezagutu zuten elkar? Non ezkondu ziren zure aitaita eta amama?  etab. Ez zekienak edo oker erantzuten zuenak mahaitik alde egin behar zuen.

Iragarki hark, hain esanguratsua izanik, familiaren esparrua, belaunaldien arteko harremanetan sakondu beharrekoa, azpimarratzen zuen. Inguruan dituzun pertsonei buruz gehiago jakitea, familiakoak izan ala ez. Beraien iraganeko eta oraingo esperientziak ezagutu eta haietatik ikastea. Besteen gauzekiko jakingura eta interesa duzula eta garrantzia ematen diezula erakustea.

Ahaztu ditzagun topikoak: “Izan ere, nire koinatua…” , “Izan ere, nire amaginarreba…”. Gabon edo Eguberriek, urteko beste une askok izan beharko luketen bezala, une zoriontsuak izan behar dute, partekatzeko eta elkarrekin bizitzeko uneak. Zahartzea ez baita txarra ondo egiten jakinez gero. Zahartzea bizitzea da, eta bizitzea beti da gauza handia, balioa duen zerbait. Jai hauetan oroit zaitezte eta saiatu familiako uneak adinekoentzat adiskidetsuak izan daitezen. Kontua ez da beraiek oihuka berba egitea, ezta umeak legez tratatzea ere. Kontua da uneoro helaraztea hor daudela, zure ondoan, gainerako pertsonekin batera. Kontua da familia izatea, komunitate izatea.

Egun magikoak familiako txikienentzat. Egun bereziak gure inguruko heldu nagusientzat.