Googaz ekimenak Bizkaiko 560 gazte baino gehiagorengana hurbiltzen ditu GJH-ak

Googazek Bizkaiko 566 gazterengana hurbildu ditu 2030 agendaren erronkak eta GJHak. BBK Kunak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Virtualwarek eta Stay Bigelek bultzatutako ekimena da Googaz, “milaka gazte inkonformistek sortutako mugimendua, eta Euskadiko gazteak ekintzara eta beren bizitzaren jabe izatera motibatzea du helburu”.

Oraingo honetan, errealitate birtuala aliatu dela, 16 eta 30 urte bitarteko gazteek (parte-hartzaileen % 87,5ek 16 eta 18 urte bitartean zituen) errealitate birtualeko betaurrekoen bidez esperientziak bizi ahal izan dituzte, errefuxiatuen eta antsietatea, pobrezia edo genero-indarkeria jasaten duten pertsonen errealitatera modu murgiltzaile eta parte-hartzailean hurbilduz.

Parte-hartzaileen % 75ek baieztatu du ez zituela GJHak ezagutzen esperientzia honetan parte hartu aurretik; % 84k adierazi du GJHak eta 2030 Agenda oso garrantzitsuak direla, eta % 95ek esan du, esperientzia honetan parte hartu ostean, GJHetatik gertuago sentitzen dela eta Googaz-en eskutik esperimentatu ahal izan dituen errealitateekin inplikatuago dagoela.

Edizio honetan bost GJHtan jarri da arreta: Pobreziaren amaiera (1. GJH), Genero-berdintasuna (5. GJH), Osasuna eta ongizatea (3. GJH), Desberdintasunak murriztea (10. GJH) eta Hiri eta komunitate jasangarriak (11. GJH). Lehenengo hirurak izan dira Googaz 5.0 programaren parte izan direnei gehien interesatu zaizkien GJHak.

Horrela, Googaz-ek edizio honen lehen zatia itxi du, eta orain, bigarrena jarriko du martxan. Ekainaren 17an, larunbata, BBK Kunan, GJHen Etxean, hackatoi bat izango da eta bertan parte hartuko dute 40 lagunek, aurtengo edizioan parte hartzen duten herrietan bizi direnak.

Hackatoi honetan, Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GJH) ardazturiko erronka batean lan egingo dute, errealitate birtualeko joko baten gidoia diseinatuz taldeka. Talde irabazleak errealitate birtualeko betaurrekoak irabaziko ditu kide bakoitzarentzat.

Talde irabazle horrek gidoia sortuko du, eta, lanbide-heziketako ikastetxeen eskutik, 2024an Googazek Bizkaiko herrietara eramango duen jokoa sortu eta diseinatzeko abiapuntu izango da.