Instalazio berriak eta askotariko esperientziak aurtengo udan BBK Klima Abenturan

BBK Klima Abenturak berriro ireki ditu ateak 2023ko uda honetarako berrikuntza handiekin, eta Bizkaiko etorkizun jasangarriaren alde lan egiten jarraitzea du helburu, Bizkaiko herritarren ingurumen-kontzientziazioa eta -sentsibilizazioa sustatuz, ezagutza aurreratuaren eta hezkuntza-esperientzia eraldatzaileen bidez.
Horrela, gaur goizean ireki da parkea jendearentzat, instalazioetan lan handia egin ostean neguan. Irekitze-ekitaldian, Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, hedabideei harrera egin die eta aldi berean publikoa instalazioetara sartu da.
Gogoratu behar da BBK Klima Abentura proiektua BBK Urdaibai Zentroaren barruan dagoela.
Bertan, duela 100 urte baino gehiagotik, pertsonen beharrizanei erantzuteko proiektuak gidatu ditu BBK-k, eta proiektu honekin, berriz ere, gizateria gisa aurrean dugun erronka handienetako bati ─klima-aldaketari─ heldu dio.
Parkeak 2022ko udan abiatu zuen bere jarduera, GJHekin, Nazio Batuen 2030 Agendarekin, Europako Batzordearen 2050 Agendarekin eta Basque Green Deal-ekin lerrokatuta.

Murgiltze-esperientziak

Jendearentzat irekita dagoen bigarren uda honetan, BBK Klima Abenturak adin eta gustu guztietara egokitzen diren murgiltze-esperientziak eskaintzen ditu.
Horietako bat “In the eyes of the animal” da (Artista: Marshmallow Laser Feast). Esperientzia horretan, errealitate birtualeko kaskoak erabiliz, ikusleek paisaia esperimentatzen dute basoko lau izakiren ─eltxo, sorgin-orratz, igel eta hontzaren─ begien bidez.

Bestalde, KLIMASFERAn (KLIMATERPEren barruan instalatuta dagoen DOMO geodesikoan), zeina iaz parkeko protagonista nagusietako bat izan baitzen, Urdaibairi buruzko proiekzioaz gain, murgiltze-esperientzia berriak eta 360ºko pantaila handiko ikus-entzunezko ekoizpenak emango dira, hala nola:
− “Atlas of a changing earth” film laburra, Lurraren zientzietako film arrakastatsu eta sarituetan oinarritua. KLIMASFERAn eskaintzen den piezak aztertzen du mapak sortzeko tekniken iraultza berri batek zelan lagun dezakeen klima-aldaketa hobeto ulertzen. Film labur honek sariak jaso ditu “Best Environmental Film” gisa Dome Fest West-en (Los Angeles, USA 2021); Official Selection, Minsk International Fulldome Festival, Minsk Planetarium, Minsk, Belarus 2021; eta Official Selection, IEEE VIS Satellite event
(birtuala).
− DIWOei buruzko lehen animazio-klipa, BBK KLIMA ABENTURAn bizi diren eta planeta zaintzen duten izaki ñimiñoei buruzkoa.
− “Cosmonaute Mission rescue 360º”, haurrentzako murgiltze-filma, plastikoaren kontsumoaren ondorioak aztertzen dituena.
Beste berrikuntzetako bat escape roomean birziklatze-gela berria da, uda honetan bertatik irtetea lortzeko konpondu beharreko kasu berriekin.
Gainera, ia 100 urtetan zehar Sukarrietako Koloniaren historia kontatzen duen film labur dokumentala ikusi ahal izango da, XXI. mendeko pertsonaia baten eskutik. Pertsonaia horrek Udalekuen historiako hainbat unetara salto egiten du eta zentroaren eguneroko bizitzaren parte izan diren pertsonekin elkarreraginean dihardu.

Esperientzia interaktibo edo elkarreragileak

Gainera, uda honetan, BBK Klima Abenturak esperientzia interaktiboak bizitzea eskaintzen du “Initi Playground” plataformaren bidez (Artista: INITI), LED pantaila handi batean gauzatzen da eta joko birtualak integratzen ditu mundu errealean, edozein azalera lau eremu multitaktil bihurtuz eta parte-hartzaileen sozializazioa sustatuz.
Save the Planet! joko kooperatiboa da horietako bat. Space Invaders eta Asteroids joko klasikoak bakar batean konbinatzen ditu, eta horretan jokalariek elkarrekin lan egiten dute beren planeta seguru mantentzeko. Bolak jaurtitzean, jokalariek beren planeta suntsipenetik babestu dezakete.

Kanpoko esperientziak

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren bihotzean dagoen leku eta kokapen pribilegiatua aprobetxatuz, BBK Klima Abenturak esperientzia-eskaintza zabala du kanpoaldean egiteko.

Esperientzia horien artean dago iaz hainbesteko arrakasta izan zuen tirolina, eta aurten ere bertan izango da 180 metro baino gehiagorekin eta bere bi atalekin: rokodromoa eta erorketa librea.
Gainera, parkean zehar 4 Totem daude, eta horietan aire zabalean proiektatuko dira “Sukarrieta” film labur dokumentala, DIWOen munduari buruzko bideoak eta parkearen programazioari buruzko informazioa.
Bestalde, urak eta eguzkiak bizitzarako duten garrantzia azaltzeko, instalazio mekaniko ludikoak jarri dira, eta horietan hainbat elementurekin jolastu eta elkarreraginean jardun ahal izango da.
Aurten, berrikuntza gisa, igerilekua, ur-jokoak (splash park) eta BBK-k Urdaibain duen kirolgunea jende guztiarentzat irekiko dira, eta horrek dibertsioa eta entretenimendua nabarmen gehitzen ditu, eta lekuari balio erantsia ematen dio, esperientzia areagotzeko.
Azkenik, eta Bermeo, Busturia, Mundaka eta Sukarrietako udalekin sinatutako lankidetzahitzarmenari esker, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat du parkeak, Urdaibaiko kostalde osoan zehar mugitzeko aukera ematen duelarik. Gainera, laster Bermeon eta Mundakan gune berriak jartzea aurreikusten da.

Sarrerak

Sarrerak hemen eros daitezke: sarrerak.bbk.eus