Mugikorrek distrakzioak eta etenaldiak eragiten dituzte familia-harremanetan

BBK Familyk, Pepa Horno psikologoarekin eta Mar Romera pedagogoarekin batera, “Bizkaiko familien beharrizanei buruzko azterketa. Gurasoen gaitasunak hazkuntzan” lanaren emaitzak eta ondorioak aurkeztu ditu Bizkaia Aretoan. Txosten horren bidez erantzuna eman gura izan zaie honelako itaun edo galderei: “Zer guraso-gaitasun dituzte Bizkaiko familiek?  Zer ahulezia eta zer indargune dira ohikoenak?  Gaur egun, seme-alaben hazkuntzarako, zer laguntza-mota erabiltzen dituzte Bizkaiko familiek, eta zergatik?”.

Azterketan egiaztatu da kontzientzia eta sentsibilitate handia dagoela seme-alaben hazkuntzari eta horrek eskatzen dituen gaitasunei dagokienez, baina egia da emaitzek agerian uzten dutela sentsibilizazio hori, neurri handi batean, teorikoa dela praktikoa baino gehiago. Esate baterako, galdetutakoen ia % 90ek onartzen dute gauzak beren kabuz egitera bultzatzen dituztela seme-alabak. Hala ere, % 11,3k soilik aitortzen dute seme-alabei ez dietela laguntzen eskolako lanak etxean egiten, eta, horrela, beraien autonomia mugatzen dute bakardadean egin beharko lituzketen zereginetan.

Autoestimuari dagokionez, umeak zeregin bat garatzen duenean egiten duen ahalegina, eta ez emaitza bakarrik, balioesten dute % 93,8k; % 87,5ek zer egiten duen ondo eta zer hobetu dezakeen esaten diote bere seme edo alabari, eta % 87,1ek berarengan benetan ikusten dituzten ezaugarriak esaten dizkiote.

Mugikorrak, distrakzio-bide bat

Teknologiek ere eragina dute familien egunerokoan. Mugikorrek distrakzioak eta etenaldiak eragiten dituzte familia-harremanetan. Hamar gurasotik zortzik aitortzen dute gailu horri begira egoten direla haurrarekin zerbait egiten ari direnean, eta horrek, zalantza barik, eragina du konfiantzazko harremanetan eta etxean lotura afektiboak sortzerakoan.

Hazkuntzarako gaitasunei dagokienez, generoaren arabera bereizita, gizonek hobetzeko tarte handiagoa dute, adibidez, honelakoetan: beren seme-alabei maite dituztela esplizituki erakusteko edo haiekin zerbait egiten ari direnean mugikorretik deskonektatzeko. Era berean, jokabide txar baten aurrean aurrez iragarritako ondorioak betearazteko orduan, ez dira hain zorrotzak izaten, eta are gehiago kostatzen zaie beren akatsak aitortzea seme-alaben aurrean.

Emakumeen kasuan, hobekuntza-marjina handiagoak ikusten dira beren buruaren zaintzan; izan ere, ia ez dute beren buruarentzako tarterik, gustatzen zaiena egiteko; gainera, seme-alabekin eztabaidatzeko orduan, arinago galtzen dute baretasuna, eta oihuka hasten dira.

Bestalde, guraso-gatazkari edo -estresari eta emozioen erregulazioari buruzko gaitasunak dira, aztertutako guztien artean, azterketan okerren agertzen direnak, eta hori kontziliazio- eta bizipen-zailtasunen eta emozioen erregulazioaren ondorio izan ohi da.

Baduzu hazkuntzarako laguntza-sarerik?

Hazkuntzan laguntza informaleko sarerik ─hau da, laguntza emateko moduko familia, lagunak eta abar─ baduten galdetuta, kontsultatutako hiru pertsonatik batek dio ez duela horrelako sarerik. Horregatik, agian, kontsultatutako lau pertsonatik ia hiruk gizarte- eta hezkuntza-laguntzako baliabideak erabili ohi dituzte eskolaldian, hala nola haurtzaindegi-zerbitzua edo goiztiarrak, jantokia eta abar. Gainera, % 66k horrelako baliabideak erabiltzen dituzte oporraldietan. Era berean, galdetutako pertsonen ia % 20k kontratatutako pertsona batengana jotzen dute, gutxienez noizean behin, seme-alaben hazkuntzan lagun diezaien.

Guraso gisa trebatzeari dagokionez, kontsultatutako pertsonen ia % 10ek askotan erabiltzen dituzte baliabideak hazkuntzarako dituzten gaitasunak osatzeko, eta % 35,5ek ere erabiltzen dituzte noizean behin horrelako baliabideak. Baina, alde horretatik, emakumeek gizonek baino askoz maizago erabiltzen dituzte horrelako baliabideak. Kontziliazio-neurriez baliatzen diren pertsonak nabarmen sentikorragoak dira arlo horretan dituzten gaitasunak osatzeko baliabideak bilatzeko ere.

Ikerketan 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek parte hartu dute.

BBK Family 2019ko azaroan sorturiko proiektua da, BBK-k, EDE Fundazioak eta Bidegintza GEKek bultzatua, eta Bizkaiko familiei seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan laguntzea du helburu.

Argibide gehiago: www.bbkfamily.eus