SAN TOMAS azokaren edizio berria jasangarriagoa eta proposamen gastro-solidario berriekin

San Tomas Azoka egiteko egun gutxi falta direnean, BBK-k eta Bilboko Udalak 74. edizioaren xehetasunak eman dituzte gaur.
Bizkaiko baserritarren azoka nagusiak Areatza bihurtuko du beste behin ere abenduaren 21ean izango den jai enblematikoaren epizentro. Topaketa honetan, zapore solidarioak ekarriko dizkiguten proposamenen alde egingo du berriro BBK-k. Izan ere, aurreko edizioan lortutako arrakastaren ostean, erakundeak hainbat jarduera gastronomiko eta solidario antolatu ditu BISUBI fundazioarekin elkarlanean, eta egingo den diru-bilketa Aspanovas Fundazio, Zaporeak Fundazio, Koop SF34 Elkarte eta Bizkaiko Elikagaien Bankuarentzat izango da.
Aurreko edizioan legez, aurten ere ohiko San Tomas Azoka Bilboko Areatzan eta inguruan egingo da , batez ere. Bertan 215 etxola jarriko dira 121 ekoizleren esku, eta postu horietan produktu ugari aurkitu eta txorizoarekin ohiko taloa jan ahal izango da. Azoka goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00etara izango da.
74 edizio honetan, eta azokaren xehetasunik ez galtzeko, BBK-k azokaren informazio praktiko guztia kontsultatzeko app bat jarri du martxan. Androiderako eta Applerako eskuragarri egongo den appak aukera emango du, besteak beste, postuak aurkitzeko planoa kontsultatuz, zerbitzuak (Informazio Puntua, Kanpainako Ospitalea, WCak, …) non dauden ikusteko, eguneko programazioa kontsultatzeko, Ekoizleen Lehiaketan sarituak ezagutzeko, edo 2024ko Azoken Egutegia ikusteko. QR bidez deskargatu ahal izango da Areatza inguruko totemetan eta web-orri honetan: https://www.bbk.eus/es/proyectos/santo-tomas/.
Gainera, Azoka km0 izango da berriro, jasangarriagoa eta begirunetsuagoa ingurumenarekiko; izan ere, postuek eta txosnek edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliko dituzte, hondakinak minimizatzeko eta erabilera bakarreko plastikoaren aurka borrokatzeko. Izan ere, San Tomas Azokak ‘Erronka Garbia’ ziurtagiria du, eta, horren arabera, azoka ekitaldi jasangarria da, ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak minimizatuz diseinatua, antolatua eta gauzatua. Gaiak birziklatzeko edukiontziak ere izango dira San Tomas Azokan, hondakinak ahalik eta ondoen batzeko. Edukiontzi horiek jartzeaz gain, Ekokuadrilla (antzerki-eskola bateko gazte-talde bat) azokan zehar ibiliko da, bertaratzen direnak kontzientziatzeko, eta kontzientziazio-mezuak zabalduko dituzte edukiontzientzat ezarritako eremuetan.
PUTXERAK, SUKALKI ETA PINTXO SOLIDARIOAK
Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak nabarmendu duenez, “jasangarria izateaz gain, aurten San Tomas Azoka gastronomia solidarioz beteta dator”. Izan ere, aurreko edizioan lortutako arrakastaren ondoren, Bisubi sukaldarien fundazioarekin lankidetzan aritu da berriro, hainbat ekintza solidario egiteko, eta lortuko den diru-bilketa Aspanovas Fundaziora, Zaporeak Fundaziora, Koop SF34 Elkartera eta Bizkaiko Elikagaien Bankura bideratuko da.
Goiz osoan zehar, Bisubiko sukaldariek 2.000 indaba-anoa prestatuko dituzte ‘sakramentu’ eta guzti putxeratan lehengo erara. Putxerak ekoizleen postuetatik hurbilen dauden Aterpeetan egongo dira. Beste proposamen gastro-solidario batek Sukalki, gure sukaldaritzako txahal-gisatu tradizionala, izango du protagonista. 1.000 anoa inguru prestatuko dira erregailuen gainean kazola handietan. Aterpeen eremuan izango da. Beren izaera solidarioaz gain, ekintza horiek Bizkaiko berezko indabaren eta gure lurraldeko behi-arraza autoktonoenetako baten erabilera berreskuratu eta balioetsi gura dute.
Gainera, 11:00etatik 14:00etara, Bisubiko 6 sukaldarik abangoardiako 6 pintxo egingo dituzte, hiru bikotetan banatuta. 30-40 minuturo prestatuko dituzte beren sorkuntzak. Anoa solidarioak eta pintxoak azokako ekoizleen genero autoktonotik abiatuta egingo dira, eta 3 euroko prezioan dastatu ahal izango dira.
Baina ez hori bakarrik, San Tomaseko menu handi horren soberakina tupper solidarioak eratzeko erabiliko da, bai salgai jartzeko, bai aurtengo edizioan parte hartuko duten laguntzaileen artean banatzeko. Soberakinaren kudeaketa eta zaborren eta birziklapenaren sistema Zero Hondakin Fundazioaren ardura izango dira, eta berreskuratutako elikagaiak elikagai sortak jasotzen dituztenengana bideratuko dira Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartearen (GBGE) bidez.
BASERRITARREN AZOKA ETA LEHIAKETA
San Tomas Azokako baserritar askok parte hartuko dute urtero produktu onenak saritzen dituen lehiaketan: Frutak, Barazki edo ortuariak, Gazta, Eztia, Ogia, Txakolina, Sagardoa eta Posturik onena. Halaber, belaunaldi-erreleboa saritzen jarraitzen du BBK-k, ekoizle gazteenaren sariarekin, eta emakume baserritarrari ere sari berezia emango dio. Sari-banaketa Areatzako kioskoan izango da 13:30ean eta irabazleen izenak www.bbk.eus/egungo-gaiak webgunean emango dira argitara.
Hain zuzen ere, bertako produktuen eta ekoizleen kontsumoa eta ezagutza herritarrei ahalbidetzeko asmoz, BBK-k “Zenbat da?” ekimena gehitu nahi izan du azokara. Ekimen hori Gernikan Urriko Azken Astelehenean jarri zuen abian lehen aldiz, eta azokako bisitariak joko batean inplikatzea lortu gura du, azokan produktuen salmenta areagotzen lagunduz. Mekanika oso erraza da: azokan BBKren kokalekura etortzen direnek BBK Azokan produktuak dituzten baserritarren produktu-sorta baten prezio zehatza asmatu beharko dute. Horretarako, aldez aurretik produktu bat erosi beharko dute San Tomas Azokako edozein postutan.