Arte Ederren Bilboko Museoak museoa handitzeko lanen lehen harria jartzeko ekitaldi instituzionala egin du
Museoaren kanpoaldean, Artetxe Kondearen zumarkaleko kristalezko fatxadaren ondoan egin den ekitaldian, honako hauek parte hartu dute: Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Bilboko Udaleko alkate Juan Mari Aburtok, BBK Banku Fundazioko presidente Xabier Sagredok, proiektuko arkitektoak diren Norman Fosterrek eta Luis Maria Uriartek, museoaren zuzendari Miguel Zugazak, eta Museoaren Lagunen kolektiboaren ordezkariak diren Carmen López Niclósek eta Rut Salaverrik.
Denboraren kapsula egunkariekin, txanponekin eta obraren hasierarako azken izapidea formalizatzen duen zuinketa-aktaren kopia batekin lurperatu ondoren, hasiera eman zaio esku hartzeko txandari, Chillida hallean. Fosterrek eta Uriartek eman diote amaiera ekitaldiari, obraren hasiera sinbolizatzen duten eta museoaren diseinu industrialaren bilduman gordeko diren paletako bat sinatuz —Gipuzkoako ehun urteko Bellota tresna-markakoa—.
Ekitaldia museoaren eta BBK Banku Fundazioaren patronatuek babestu dute, baita gizarte zibileko eta kulturaren munduko ordezkaritza batek eta proiektuan parte hartzen duten estudio eta enpresek eta museoko lantaldeak ere.
Jarraian, museoaren zuzendari Miguel Zugazak ongietorria eman die bertaratutakoei, Xabier Sagredoren hitzaldia aurkeztu aurretik. Sagredok adierazi duenez, gertaera garrantzitsu berri honekin, bi instituzioek elkarrekin jardunez emandako bost hamarkada berrituko dituzte, bultzada berria emango baitiote BBK Museoa gunean. 2.000 metro karratu baino gehiago izango dituen guneak erakusketen eta jarduera publikoen programa bizia eskainiko du. Bestalde, gogoratu du proiektua gauzatzeko beharko diren 22 hilabeteetan museoa irekita egongo dela ia beti, eta BBKateak formatu dinamikoaren arabera erakutsiko dela bilduma, artearen historiako hainbat alditako artisten arteko topaketekin.
Handitze-proiektuko gertaera garrantzitsu nagusien laburpena:
Eraldaketa arkitektoniko erabakigarri honen ibilbide-orria Patronatuak 2018ko abenduaren 11n onartutako 2019-2022 Plan Estrategikoan finkatu zen. 2019ko otsailaren 11n Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko eta eraberritzeko proiektuen nazioarteko lehiaketaren deialdia izan zen hori lortzeko lehen urratsa. Lehiaketaren finantziazioa BBKrena izan zen, Museoaren ohorezko patroia eta aliatu leiala izan baita arestiko historiako une erabakigarrienetan.
Lehen fasean onartutako 57 taldeetatik, epaimahaiak sei finalistak hautatu zituen 2019ko apirilaren 8an; eta, azkenik, uztailaren 23an eman zen ezagutzera Foster+Partners + LM Uriarte Arkitekturak aurkeztutako Agravitas izeneko proiektuaren alde emandako epaia. Aho batez hartutako irizpenak honela laburbiltzen ditu proiektuaren indarguneak: “Teknologikoa bere irudian, humanistikoa bere ikuspegian eta ekologikoa bere jasangarritasunean, proposamenak kalitate arkitektonikoa, hiri-sentsibilitatea eta erantzukizun soziala uztartzen ditu, Bilboren erdigune historikoan mugarri argitsu eta arin bat altxatzeko.
Proiektu irabazlea eta finalistak ikusgai egon ziren Museoko BBK aretoan uztailaren 29tik urriaren 6ra bitartean. Urte bereko abenduan, Fosterrek proiektuaren idazketaren aurrerapena eta ideia gidaria aurkeztu zituen prentsaurrekoan: 1945eko eraikinaren protagonismoa berreskuratzea, jatorrizko sarrera berriz ezarriz, eta dimentsio bakarreko espazio bat proiektatzea, 1945eko eta 1970eko eraikinen gainean errespetuz finkatua. Esku-hartzeak, gainera, Arriagaren Monumentuaren plaza bihurtzen du museoaren ardatz egituratzailearen bihotz berri.
2022ko martxoaren 31n, museoak obra egiteko lizitazioa argitaratu zuen Euskadiko Kontratazio Publikoko Plataforman -egungo egoeraren ondorioz, berregin egin behar izan zen-. Aurtengo irailaren 9an, Empresa constructora Urbelan S.A.+Altuna y Uria S.A.+ Campezo Obras y Servicios, S.A. eta Teusa Técnicas de Restauración S.A. enpresek eratutako Ampliación Bellas Artes ABEEari esleitu zitzaion.
Zuinketa egiaztatzeko akta hilaren 8an egin zen, eta beharrezko izapidea obrak egiten hasteko.